Jarduera Museoko aretoan egingo den hitzaldi batekin hasiko da: “1576an Enkarterriek Bizkaiko Foru Berria onartzearen ondorioak. Lege-berdinketa eta lurralde-integrazioaren lehen prozesuak”. Ondoren, Abellanedako Batzar Etxea bisitatuko da, gaur egungo Enkarterrietako Museoa, bertako Batzarren historia eta Bizkaiko Foru Berriaren onarpena ardatz hartuta.
Gero Gordexolara joango gara, XVII. mendean Gernikako Batzarretan integratu zen lehen kontzeju enkartatua. Prozesua ulertzeko, Zubieteko galtzada zeharkatuko dugu, herritarren etxebizitzen —baserriak— eta eliteen eraikinen —Zubiete, Oxirando eta Molinarreko dorreak eta jauregiak— adibideak ikusiz. Amaitzeko, San Juan elizan bukatuko dugu; bertan hartzen ziren haran osoari zegozkion erabakiak, eta barrutik bisitatuko dugu.